Real100www.real100.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

1919-1929

Gipuzkoako futbolaren barruan nagusitasuna lortzeko Real Union taldearekin izan zen borroka eta nazioarteko partidak dira bigarren hamarraldi honetako ardatz nagusiak. Hamarraldi hau, bestalde, Santanderko Kopako final hirukoitzarekin eta Ligaren jaiotzarekin amaitzen da.


Gipuzkoan nagusitasuna lortzeko borroka

Realak eta Real Unionek oso borroka polita eta zuzena izan zuten Gipuzkoako futbolaren barruan nagusitasuna lortzeko. Borrokaren lehenengo urteak Irungo taldearen aldekoak izan ziren, baina 1922-23 denboraldian bi taldeak aurrez aurre jarri ziren bira bikoitzean; bakoitzak garaipen bat eta bi berdinketa lortu zituen. Berdintasuna haustea ezinbestekoa zen, eta 1923ko martxoaren 18an bi taldeak San Mames zelaian arituko ziren lehian. Realak jokalari nagusietako bat, Mariano Arrate alegia, falta zuen, baina 2 eta 1 irabazi zuen. Realaren bi golak Eduardo Arbidek sartu zituen eta horrela lortu zuen Realak Gipuzkoako Txapelketa. 1924-15, 1926-27 eta 1928-29 denboraldietan ere bere esku izan zuen Realak Gipuzkoako txapela.

Gipuzkoako lehenengo bi taldeen arteko partidek ikusmira handia eragiten zuten eta kartsutasun handiz bizi izaten ziren bai Irunen bai Donostian.

 

Nazioarteko partidak

Garai hartan oso partida ofizial gutxi jokatzen ziren, eta hori dela-eta, lagunarteko partidekin osatzen zuten taldeek beren denboraldia. Partida horietako asko atzerriko taldeekin jokatzen ziren. Hala, urte horietan Atotxan ikusi ahal izan ziren talde frantsesak (Olympique Paris, Cette, Vie au Grand Air, Racing Paris...), belgikarrak (Union St. Gilloise, Racing Bruselas), portugaldarrak (Lisboako Casa), suitzarrak (Cabtonnal Neuchatel), austriarrak (Rapid Viena), alemaniarrak (Essener Turnebund, Nuremberg), holandarrak (Breda, Maestrichsche Vietbal), italiarrak (Sampierdarenese), hungariarrak (MTK, Ferencvaros), Uruguaiko selekzioa, etab.

Baina, jakin-min handiena ingeles klub profesionalen bisitaldiek sortzen zuten, hala nola, Birmingham eta Newcastle taldeenek.

Essener Turnebund alemaniar taldearen bisitak jokalari hungariar bat ekarri zuen Donostiara, Lippo Hertzka; 1923an Realeko lehenengo entrenatzaile profesionala izan zen jokalari hura. Hertzkak Europako Erdialdeko futbolarekin zuen harremanari esker, 1924. urteko udan Reala Austrian, Hungarian, Alemanian… barrena ibili zen lehenengo kluba izan zen. Bira hori bera egin zuen hurrengo urtean ere.

Baina Realeko jokalariek nazioartean izan zuten proiekzioa ez zen horretan gelditu. 1922an, Realeko zortzi jokalarik (Agustin Eizaguirre, Amador eta Mariano Arrate, Antxon Arrillaga, Celestino Olaizola, “Tato” Martinez, Eduardo Arbide eta Juan Artola) bira egin zuten Hego Ameriketan Euskal Selekzioarekin batera.

Bestalde, Realeko jokalariak sarritan aritzen ziren urte haietan Espainiako Selekzioan, eta Anberesko eta Amsterdamgo olinpiadetan ere parte hartu zuten.



Santanderreko Kopako final hirukoitza

1927-28 denboraldia Realaren historiako une gogoangarrienetako batekin amaitu zen: Santanderren F.C. Barcelonaren kontra jokatu zen Kopako final hirukoitza.

Realak bigarren lekuan amaitu zuen Gipuzkoako Txapelketa, Real Unionen atzetik. Beraz, Espainiako Txapelketan parte hartzea lortu zuen. Lehenbizi, ligaxka bat egin zen Gipuzkoako, Aragoiko eta Kataluniako txapeldun eta txapeldunordeen artean, hau da, Real Union, Reala, Iberia eta Patria de Zaragoza, eta F.C. Barcelona eta Bartzelonako Europa. Final laurdenetarako F.C. Barcelona eta Reala sailkatu ziren. Finalera iritsi aurretik, final laurdenetan, donostiarrek Celta kanporatu zuten eta finalerdietan, berriz, Valentzia taldea.

Finala maiatzaren 20an jokatu zen, El Sardinero zelaian, eta berdinketarekin amaitu zen, 1 eta 1. Mariscal eta Samitier izan ziren golegileak. Partida hark oso borroka bitxia sortu zuen futbolaz kanpo. Lehian ari zirela, Bartzelonako atezainak, Plattkokek, min hartu zuen eta gertaera hura inspirazio iturri hartuta Rafael Alberti poetak “Oda a Plattko” idatzi zuen. Baina beste poeta batek, Rafael Celaya donostiarrak, “kontraerasoa egin” eta beste oda bat idatzi zuen. Celayak zioen Realak irabazi ez izanaren arduraduna ez zela Plattko, arbitroen lan eskasa baizik.

Handik bi egunera berriro jokatu zuten partida, eta ordukoan ere berdinketa izan zen emaitza. Kirikik eta Pierak gol bana sartu zituzten. Hirugarren finala ekainaren 29ra atzeratu zen, Amsterdamgo Joko Olinpikoak ospatu behar zirelako tartean eta Realeko zortzi jokalarik parte hartu behar zutelako selekzioarekin; Bartzelonako jokalaririk, ordea, ez zen olinpiada haietan, profesionalak baitziren ordurako. Olinpiaden ondoko nekeak eragin handia izan zuen Realeko jokalariengan eta katalanek 3 eta 1 irabazi zieten. Jardunaldi hartako golegileak Txomin Zaldua, Samitier, Arocha eta Sastre izan ziren.



Ligaren jaiotza

1920ko hamarraldiaren amaieran asko hazi zen futbola, herrialdeko txapelketek ez zituzten zaleen eskaerak asetzen, eta ezta kluben behar ekonomikoak ere. Klubetan profesionalizazioa nagusitzen ari zen, eta, horren ondorioz, behar ekonomikoak ere handiagoak ziren; beraz, ezinbestekoa zen futbol txapelketak goitik behera birmoldatzea.

Ingalaterrako Liga hartu zuten eredu, baina eredu hori Espainian ezartzea ez zen erraza izan. “Minimalisten”, alegia txapelketa mugatu baten aldekoen, eta “maximalisten”, txapelketa irekiagoaren aldekoen, arteko eztabaidek atzeratu egin zuten Liga Txapelketaren hasiera.

Minimalisten iritziz, F.C. Barcelona buru zela, Kopako txapeldun izandako taldeek bakarrik parte har zezaketen Lehen Mailan, hau da, F.C. Barcelona, Real Madrid, Real Union, Athletic, Arenas eta Realak (onartu egin zitzaion Club Ciclista izenarekin lortutako titulua). Maximalistek, berriz, Kopako txapeldunordeak ere sartu nahi zituzten Txapelketan, eta baita herrialdeetako talde nagusiak ere. Ez ziren ados jarri, eta, ondorioz, 1927-28 denboraldian bi txapelketa antolatu ziren. Hala ere, ez bata ez bestea ez ziren amaitu. Realak klub minimalistekin jokatu zuen Txapeldunen Torneoa.

Baina azkenean lortu zen hitzarmena eta 1928ko otsailean erabaki zen hamar taldek parte hartuko zutela Ligako Txapelketako Lehen Mailan: Kopako sei txapeldunek, hiru txapeldunordeek (Bartzelonako Europa, Atletico Madrid eta Bartzelonako Español) eta kluben arteko txapelketa bateko irabazleak, Racing Santander denboraldi hartan.

Hamar talde horiekin hasi zen 1928-29 denboraldian Ligaren historia. Realaren debuta 1929ko otsailaren 10ean izan zen, Atotxan, Athleticen kontrako derbian. Realekoen lehenengo jokalarien zerrenda honako hau izan zen: Izaguirre, Ilundain, Galdos, Amadeo, Martin Marculeta, Trino, Kiriki, Mariscal, Cholin, Paco Bienzobas eta Yurrita. Partida banako berdinketarekin amaitu zuten. Reala aurreratu zen Paco Bienzobasek 43. minutuan sartu zuen golarekin, baina handik minutu batera Bergarechek Athleticen aldeko gola sartu zuen eta berdinketarekin amaitu zen partida.

Realak 4. lekuan amaitu zuen Txapelketa; 8 garaipen, 4 berdinketa eta 6 porrot izan zituen, eta 46 gol alde eta 41 kontra; eta txapeldun izan zen F.C. Barcelonatik bost puntura gelditu zen. Ligako lehenengo “pichichi” edo golegile nagusia Realeko Paco Bienzobas izan zen.

 



Copyright © 2009 Real Sociedad de Fútbol, S.A.D. Eskubide guztiak babestuak.