Hamarraldi honetan Realak sendotasun handia lortu zuen Lehen Mailan eta Europako txapelketetarako sailkatu zen behin baino gehiagotan, baina, batez ere, 80ko hamarraldiko egitandietarako oinarriak ezarri ziren.
Trantsizioko lehen urteak
Hamarraldiko lehenengo denboraldietan Lehen Mailan gero eta sendoago ikusten zen Reala; tinko eusten zion sailkapenaren erdialdean. Baina, horrez gainera, talde indartsua eratzen joan zen urte horietan, jokalari beterano eta Sansetik zetozen gero eta gazte gehiagorekin.
Larrialdi bakarra 1971-72 denboraldiaren hasieran izan zuten, entrenatzaile aldaketaren ondorioz. Angel Segurolak taldea utzi eta Andoni Elizondok hartu zuen berriro entrenatzaile kargua, baina abendutik aurrera taldea lehengora itzuli zen eta Europan sartzeko aukera ematen zuten postuetan ibili zen jardunaldi askotan.
UEFArako lehenengo txartela
Hala ere, 1973-74 denboraldia arte ez zuen lortu gure taldeak Europan sartzeko postuetan amaitzea Liga. Rafa Iriondoren zuzendaritzapean, donostiarrek ez zuten ongi hasi Txapelketa, eta, Granadan bigarren itzuliko lehen partida galduta, hamalaugarren gelditu ziren. Ordutik Ligaren amaierara, ordea, Realak izugarrizko aurrerapenak egin zituen eta laugarren amaitu zuen, Europako Txapelketarako txartela eskuan zuela, beraz.
Europako estreina
Europako txapelketetan estreina egiteko txanda Banik Ostrava txekiar taldearen kontra egokitu zitzaion Realari. Joaneko partida 1974ko azaroaren 18an jokatu zuten Atotxan, eta Realekoek ezin izan zieten garaipenik eskaini beren zaleei, txekiarrek irabazi baitzuten, 1 eta 0 (Mickak sartu zuen gola). Itzulerako partidan, joanekoa jokatu eta hamabost egunera, Banik izan zen berriro ere irabazle, 4 eta 0koarekin, ordukoan.
Berriro ere Europara
1974-75 denboraldian, Andoni Elizondo entrenatzaile zela, aurreko urteko gauza bertsua gertatu zen. Ligari hasiera kaskarra eman zioten donostiarrek, baina aurrera egin eta UEFA Koparako sailkatzea lortu zuten.
Europako bigarren esperientzia
Realaren lehen arerioa Grashopper suitzar taldea izan zen. Joaneko partida Suitzan jokatu zuten, 1975eko irailaren 16an, eta Realak balio handiko emaitza lortu zuen, 3nako berdinketa, hain zuzen. Suitzarrak jarri ziren aurretik, Elsener eta Santrac jokalarien golei esker, baina Satrustegik beste bi sartu eta berdinketa ezarri zuen markagailuan. Boscok berriro Grashopper aurreratu zuen, baina Luciano Murillok beste gol bat sartu zuen, behin betiko berdinketarena. Itzulerako partida banako berdinketarekin amaitu zen; Urreistik eta Santracek sartu zituzten golak. Arerioaren zelaian sartutako golek balio bikoitza zutenez, Realak lortu zuen hurrengo kanporaketarako sailkatzea.
Bigarren arerioa garai hartako talde handienetakoa izan zen, Liverpool taldea, hain zuzen. Eta hark irabazi zituen bi partidak: 3 eta 1, Atotxan jokatu zen partidan, joanekoan; eta 6 eta 0, berriz, Anfield Roadekoan, itzulerakoan.
Bitxikeria gisa, aipatzekoa da Atotxan jokatutako partidan egin zuela estreina Realean Luis Arkonadak. Bestalde, ingeles taldeko jokalarien artean gure taldearen historian garrantzi handia izango zuen gizon bat ari zen orduan: John Benjamin Toshack.
Trantsizioko denboraldiak
Realarentzat trantsizioko denboraldiak izan ziren 1975-76, 1976-77 eta 1977-78koak. Horietako lehenengoan sailkapenean larri ibili ziren txuri-urdinak, entrenatzaile aldaketarekin –Irulegik Andoni Elizondoren kargua hartu zuen–, baina sailkapenaren erdialdean amaitu zuten denboraldia.
Denboraldi haietan Kopak ekarri zizkien poz handienak realzaleei. 1975-76 denboraldian, esaterako, Celta eta Las Palmas kanporatu eta finalerdietan sartu zen Reala. Atletico Madrid zen arerioa. Realak 1 eta 0 galdu zuen joaneko partida Atotxan, eta itzulerakoan husnako berdinketa izan zenez, ez zen finalean sartu. 1977-78 denboraldian, berriz, Acero, Xerez, Toledo, Real Madrid eta Valencia kanporatu zituen hurrenez hurren. Finarlerdia Johann Cruyffen F.C. Barcelonaren kontra jokatu zuten donostiarrek. Joaneko partida Atotxan izan zen, eta husna gelditu ziren; itzulerakoan, berriz, Iriartek gola sartu eta Reala aurreratu zuen, baina Migueli eta Rexachek gol bana sartu zuten ondoren, eta katalanentzat izan zen finalerako txartela.
Hamarraldi amaiera itxaropentsua
Hamarraldiko azken denboraldiak gure klubari etorkizun itxaropentsua iragarri zion. Alberto Ormaetxea zuzendari zutela, txuri-urdinen taldea izan zen Ligan garaipen gehien lortu zuen taldea. Azkenean, laugarren gelditu ziren, eta Europan sartu ziren, horrenbestez.