Ligako bi titulu, Kopako bat, Superkopa 1, partidarik galdu gabeko errekorra, Europako Kopako finalerdiak… Realaren historiako hamarraldi handiena izan zen, zalantzarik gabe.
Hasteko, errekorra
79-80 denboraldia Realaren historiako distiratsuenetakoa izan zen. Alberto Ormaetxearen zuzendaritzapean, Donostiako taldeak errekorra lortu zuen, partida bakar bat galdu gabe 32 jardunaldi egin baitzituen. Donostiarrak sailkapenaren goialdean ibili ziren denboraldiaren hasieratik bertatik, eta lehen itzuliko azken jardunaldian lider ziren. Denboraldiko azken aurreko jardunaldian lider jarraitzen zuten, partidarik galdu gabe, baina gure klubaren historiako arratsalde goibelenetako batean, Sevilla F.C. taldeak donostiarrei 2 eta 1 irabazi zien, eta Realak ezin izan zuen Ligako bere lehen titulua eskuratu.
Datu gisa, aipagarria da denboraldi hartan Realak 4 eta 0 irabazi ziola Real Madridi Atotxan; Madrileko taldearen bisitetan izaten zuen begizkoa hautsi zuen, beraz.
Denboraldi hartan Kopako Txapelketan ere bikain aritu zen Reala. Bilbao Athletic, Peña Sport, Burgos eta F.C. Barcelona kanporatzea lortu zuen; finalerdietan, berriz, Castillak kanporatu egin zituen donostiarrak.
UEFAko lehen garaipena
Aurreko urtean laugarren gelditu zenez, Realak berriro parte hartu ahal izan zuen UEFA Kopan. Arerioa, Milango Inter handia. Italiarrek irabazi zuten San Siron jokatutako joaneko partida, 3 eta 0, eta, horrenbestez, erabakita utzi zuten kanporaketa. Itzulerako partidan, ordea, Atotxan, UEFAn aurrera egiteko zorian egon zen Reala, partida bikaina jokatuz. Realak partida hartan eskuratu zuen Europako bere lehenengo garaipena, Satrustegik sartutako bi goli esker (2-0).
Lehenengo Liga
1980-81 denboraldia ez zuten oso ongi hasi donostiarrek, eta denboraldi osoa sailkapenaren goialdean egin zuten arren, ez zuten titulua eskuratzeko lehian jardungo zuten itxurarik eman. Hamar jardunaldi gelditzen zirela, Realak 2 eta 0 galdu zuen Bartzelonan, eta Atletico de Madrid liderrarengandik sei puntura gelditu zen. Ordutik amaierara, ordea, Realak ez zuen partida bakar bat ere galdu, eta madrildarrak, aldiz, gainbehera etorri ziren. Azken aurreko jardunaldian, Murtzian, garaipena lortu eta sailkapeneko buru jarri zen Reala. Atotxan R.C.D. Españolen kontra jokatutako partida ere irabazi egin zuen; bere historiako partida garrantzitsuenaren atarian zen, beraz, Reala. Gijonen zen hitzordua, 1981eko apirilaren 26an; Realak nahikoa zuen berdinketa lehen aldiz Ligako Txapeldun izateko. Partida ezin hobe hasi zen donostiarrentzat, 7. minutuan markagailuan aurrea hartu baitzuten, Kortabarriaren gol bati esker. Mesak berdinketaren gola egin zuen lehen zatiko azken minutuan, eta jokalari hark berak bere taldea aurreratu zuen bigarren zatiko lehen minutuan. Real Madrid irabazten ari zen Valladoliden, eta aurreko denboraldiko historia errepikatu egingo zela zirudien. Baina El Molinoneko partidan, Zamorak arean nora ezean gelditutako baloi bat aprobetxatu eta 2nakoa sartu zuen; gol horrekin Ligako Txapelketako lehen titulua eman zion Realari. Realak honako hamaikako hau atera zuen partida historiko hartan: Arkonada, Celayeta, Gorriz, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Jose Mª Bakerok eta Larrañagak ere jokatu zuten.
UEFAn, txukun
Realak UEFA Kopako bi kanporaketa gainditzea lortu zuen lehen aldiz: Ujpest Dosza (itzulerako partida San Mamesen jokatu zen, Atotxa itxita zegoelako) eta Brnoko Zbrojovka txekiar taldea izan zituen arerio. Hirugarren fasean, berriz, Belgikako Lokeren taldearen kontra jokatzea egokitu zitzaien txuri-urdinei. Joaneko partida 1 eta 0 irabazi zuten belgikarrek, eta itzulerakoan ere Lokeren aurreratu zen, Larsenen bi goli esker; azken minutuetan, halere, berdinketa lortu zuen Realak, Lopez Ufarte eta Zamoraren gol banari esker.
Bigarren Liga
Realak zuen bere esku aurreko urteko titulua, eta hori erakutsiz ekin zion Txapelketari. Hirugarren jardunaldian lider zen, eta hamabigarren jardunaldia arte eutsi zion postu horri. Partida garrantzitsua izango zen Realak F.C. Barcelonarekin Camp Noun jokatu behar zuena. Katalanek irabazi zuten, 2 eta 0, eta Realekoak titulutik urrundu egin ziren, itxura batean. Bartzelonako taldeak ezin izan zion abantailari eutsi, ordea, eta azken aurreko jardunaldian, Realak berriro eskuratu zuen lehenengo postua. Partida erabakigarria, denboraldi hartan, 1982ko apirilaren 25ean Atotxan Athletic arerio zutela jokatutakoa izan zen. Zamorak Reala aurreratu zuen markagailuan, 55. minutuan, eta, 68. minutuan, 2 eta 0koa sartu zuen Lopez Ufartek. Bost minutu falta zirela hurbildu egin zitzaien Athletic taldea, Sarabiak gola sartu baitzuen, baina Realaren esku zen, ordurako, titulua. Realaren hamaikakoa partida hartan: Arkonada, Celayeta, Gorriz, Kortabarria, E. Murillo, Diego, Alonso, Zamora, Uralde, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Olaizola eta Larrañagak ere jokatu zuten.
Realak ibilbide bikaina egin zuen Kopan ere. Bilbao Athletic, Osasuna, Valladolid eta Athletic kanporatu ostean, finalerdiak Real Madriden kontra jokatu zituzten donostiarrek. Satrustegik sartu zuen joaneko partidako gol bakarra; eta 1 eta 0 irabazi zuen Realak. Itzulerakoan, berriz, Juanitok gola sartu zuen 89. minutuan, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Berdinketa ez zen hautsi luzapenean ere, eta, azkenik, penaltien txandan erabaki zen emaitza; madrildarrek gehiagotan asmatu zuten.
Europako Kopako estreina
Realak Europako Kopan jokatu zuen lehen aldian ez ziren txukun ibili txuri-urdinak. Sofiako CSKA taldearen kontra jokatzea egokitu zitzaien. Bulgariarrek irabazi zuten joaneko partida, 1 eta 0, Jontchevek 89. minutuan sartutako gol bati esker. Itzulerakoan, berriz, markagailuan ez zen aldaketarik izan, eta Reala kanpoan gelditu zen. J.Mª Bakerok garrantzi handiko lesioa izan zuen, gainera, partida hartan.
Superkoparen historiako lehen txapelduna
1982-83 denboraldian txapelketa berria jarri zen abian: Superkopa, Kopako eta Ligako garaileen artekoa. Reala, Ligako Txapeldun baitzen, Real Madriden aurka lehiatu zen. Joaneko partidan madrildarrek irabazi zuten, 1 eta 0. Itzulerakoa Atotxan jokatu zen, 1982ko abenduaren 28an. Arauzko denboraren amaieran 1 eta 0 zegoen markagailua, Uralderen gol bati esker, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Beste bi gol sartu zituen Uraldek eta bakarra Lopez Ufartek, eta markagailua 4 eta 0 gelditu zen. Realak beste titulu bat eskuratu zuen, beraz. Honako hamaikako hau atera zuten donostiarrek: Arkonada, Celayeta, E. Murillo, Gorriz, Gajate, Diego, Larrañaga, Orbegozo, Bakero, Uralde eta Lopez Ufarte. Bigarren zatian Txiki Begiristain eta Sukiak ere jokatu zuten.
Europako Kopako finalerdietan
Realak Europako lehiaketa nagusian izan zuen bigarren parte-hartzea lehena baino askoz ere gogoangarriagoa izan zen. Lehenengo fasean Islandiako Vikingur menderatu zuten donostiarrek. Rejkyavikeko partidan 0 eta 1 irabazi zuten (Satrustegik sartu zuen gola), eta itzulerakoan, berriz, 3 eta 2 (bi gol Uraldek eta bestea Satrustegik). Bigarren fasea Celtic Glasgowren kontra jokatu zuen Realak. Atotxan 2 eta 0 nagusitu zen, Satrustegi eta Uralderen gol banari esker. Glasgown ere Reala aureratu zen, 1 eta 0, Uraldek sartutako golari esker, eta McLeodek bi gol sartu eta Celticek partida hura 2 eta 1 irabazi arren, Realak lortu zuen kanporaketan aurrera egitea. Hurrengo kanporaketan Portugalgo txapelduna, Sporting Lisboa taldea, izan zuen arerio. Joaneko partidan 1 eta 0 galdu zuen, baina itzulerakoan 2 eta 0eko emaitza lortu zuten donostiarrek, Larrañaga eta Jose Mª Bakerori esker, eta Reala finalerdietan sartu zen. Alemaniako txapeldun Hanburgoren kontra neurtu behar zuen. Atotxan jokatutako partidan bana berdindu zuten: Rolffek bere taldea aurreratu zuen, baina Gajatek gola sartu zuen ondoren. Itzulerakoan ere alemaniarrak aurreratu ziren, Jakobsen gol batekin; Diegok berdinketa lortu zuen, baina amaitzeko minutu gutxi gelditzen zirela, Von Heesenek gola sartu eta Hanburgok lortu zuen finalerako txartela.
Trantsizioko Liga
Ondoz ondoko bi Liga txapelketak irabazi ondoko denboraldian Realaren errendimendua jaitsi egin zen Ligan; sailkapenean postu lasaietan ibili zen, baina Europako lehiaketarako txartelik lortu gabe. Ziklo bat amaitzen ari zela zirudien, eta Klubeko Presidentzia eta lehen taldearen zuzendaritzan aldaketak egin zituzten. 1983-84 denboraldian Iñaki Alkizak hartu zuen Presidente kargua, aurrez aipatutako arrakasta horiek guztiak lortu zirenean kargu horren ardura izan zuen Jose Luis Orbegozoren ordez. Handik urtebetera eserlekuan egin zuten aldaketa: John Benjamin Toshackek Alberto Ormaetxearen tokia hartu zuen.
Kopako Txapeldun
Realak titulu gehiago eskuratzeko aukera baztertzen hasteko garaia zuela zirudienean, 1986-87 denboraldian Kopako Lehiaketa etorri zen. Txuri-urdinek ez zuten Ligan aparteko meriturik egin, baina Baskonia, Montijo, Villarreal, Eibar eta Mallorca Atletico kanporatu zituzten Kopan; azken horren kontra, gainera, partida batean sartu duten gol kopuru handienetakoa lortu zuten: 10 eta 1 irabazi zuten, hain zuzen. Finalerdietan Athletic zuten arerio, eta Atotxan husna berdindu zutenez, kanporaketa aurrera ateratzea zaila izango dela zirudien, baina Realekoek 1 eta 0 irabazi zuten San Mamesen, J.Mª Bakeroren golari esker, eta finalerako txartela lortu zuten horrenbestez. Kopako finala 1987ko ekainaren 27an jokatu zen Zaragozan, La Romareda zelaian. Atletico Madrid zuten donostiarrek aurrez aurre, eta partida oso zaila izan zen. Reala aurreratu zen Lopez Ufarteren gol bati esker, baina Da Silvak berdinketa lortu zuen.
Txiki Begiristainek Reala aurretik jarri zuen, berriro ere, baina Rubiok 2nakoa sartu zuen. Luzapenean ez zen golik izan, eta penaltien txandan erabaki zen kanporaketa: Realak lortu zuen garaipena. J.B. Toshackek entrenatzen zuen taldeak honako hamaikako hau atera zuen: Arkonada, Sagarzazu, Gorriz, Dadie, Gajate, L.M. Lopez Rekarte, Zamora, Larrañaga, Lopez Ufarte, Txiki Begiristain eta J.Mª Bakero. Musti Mujika eta Martin Begiristainek ere jokatu zuten. Penaltiak J.Mª Bakero, Mujika, Martin Begiristain eta Larrañagak sartu zituzten. Da Silva eta Quique Ramosek huts egin zutenez, donostiarrek ez zuten beren azken penaltia jaurti beharrik izan.
Bi aldiz txapeldunorde
1987-88 denboraldia ere bikaina izan zen. Ligako Txapelketako txapeldunorde izan ziren Realekoak, nahiz eta hasiera kaskarra egin zuten. Laugarren jardunaldian azken aurreko zeuden sailkatuta, baina hamahiru partida jarraian galdu gabe eginda, bigarren posturaino igo ziren. Real Madridek abantaila handia zuen, ordea, eta donostiarrek txapeldunorde gelditzearekin etsi behar izan zuten.
Kopan, Realak Cartagena, Sporting Gijon eta Atletico Madrid kanporatu zituen, eta finalerdietan Real Madridekin neurtu behar izan zituen indarrak. Joaneko partida Atotxan jokatu zen. Etxekoak 1 eta 0 nagusitu ziren, J.Mª Bakeroren golari esker. Itzulerako partida zaila ikusten zen, baina Realak bere garaipen handienetakoa lortu zuen: 0 eta 4 irabazi zuen (J.Mª Bakeroren bi gol, Gorrizen bat eta Txiki Begiristainen beste bat). Kopako finala jokatu zuen, beraz, Realak berriro, eta, ordukoan ere, bere “etsai beltza” izan zuen aurrean, F.C. Barcelona. 1913, 1928 eta 1951n gertatu bezala, katalanek titulua eskuratzea eragotzi zioten gure taldeari; 1 eta 0 irabazi zuten, Alexankok sartutako golarekin .
Berriro ere Europan
1987ko Kopako Txapelpeketako tituluari esker, oraindik sekula jokatu gabe zuen Europako lehiaketa bakarrera iritsi zen Reala: Errekopara. Lehenengo fasean, Realak Poloniako Slask Wroclawren kontra jokatu zuen. Itzulerakoa San Mamesen jokatu behar izan zen, UEFAk ez baitzuen baimenik ematen Atotxan Europako lehiaketetako partidak jokatzeko; husna berdindu zuten. Baina itzulerakoan, Polonian, donostiarrak 0 eta 2 nagusitu ziren, Txiki Begiristain eta Lorenen golekin. Bigarren arerioa Errusiako Dinamo Minsk izan zen. UEFAk kendua zuen, ordurako, Europako neurketak Atotxan jokatzeko debekua, eta donostiarrek etxean jokatu ahal izan zuten joaneko partida. Bana berdindu zuten; Konratiev eta Gajate izan ziren golegileak. Itzulerako partida ere berdinketarekin amaitu zen, husnakoarekin, baina arerioaren zelaiko golek balio bikoitza zutenez, errusiarrak sailkatu ziren hurrengo faserako.
1987-88an bi aldiz txapeldunorde gelditu izanari esker, UEFAn parte hartu ahal izan zuen Realak. Lehenik Dukla Pragaren kontra aritu ziren. Atotxan 2 eta 1 irabazi zuten, Loinazek sartutako bi goli esker. Itzulerakoan, berriz, txekiarrak aurreratu ziren, 3 eta 0, baina Lorenek eta Loinazek gol bana sartu eta 3 eta 2koa jarri zuten markagailuan. Hortaz, Reala sailkatu zen. Bigarren kanporaketa, Sporting Lisboaren kontrakoa, erosoagoa gertatu zitzaien txuri-urdinei. Iturrino eta Lorenek sartu zituzten donostiarren golak, eta 1 eta 2 irabazi zuen Realak joanekoan. Itzulerakoan, Atotxan, markagailua ez zen mugitu, eta Reala hirugarren faserako sailkatu zen. Arerioa Colonia izan zen, eta Atotxan jokatutako joaneko partidan 1 eta 0 irabazi zuten donostiarrek, Loinazen golari esker. Itzulerako partida, Alemanian, binako berdinketarekin amaitu zen; gol bana sartu zuten Goikoetxea eta Fuentesek, eta beste bana Goetz eta Engelsek. Reala sailkatu zen. Baina hurrengo neurketa ere alemaniar batzuen kontra egokitu zitzaien, Stuttgarten kontra, eta hura izan zen Realaren borreroa. Joanekoa Alemanian jokatu zuten, eta 1 eta 0 galdu zuen Realak. Itzulerakoan, emaitza berarekin amaitu zen partida, Realaren alde oraingoan, Zamorak sartutako golari esker. Penaltien txandan, Stuttgartek lortu zuen finalerdietarako sailkatzea.
Nazioarteko proiekzioa
Realak kirol esparruan halako arrakastak lortu izanak jokalari asko eraman zituen selekziora. 1982ko Mundialean, esaterako, sei jokalari eraman zituzten Realetik espainiar selekziora. Gerora jaitsi egin zen, apur bat, nazioarteko jokalarien kopurua, baina azken urteetan Realeko beste jokalari belaunaldi batek hartu zuen haien lekukoa. Garai hartan nazioarteko lehiaketetan aritu ziren Realeko jokalariak honako hauek izan ziren: Arkonada, Zamora, Satrustegi, Alonso, Lopez Ufarte, Celayeta, Kortabarria, Gorriz, Uralde, Diego, Idigoras, Larrañaga, Lopez Rekarte, J.Mª Bakero eta Txiki Begiristain.
Ziklo baten amaiera
1988-89 denboraldiak ziklo bikain baten amaiera adierazten du. Amaiera horren erakusgarri izan daiteke denboraldi horren bukaeran erretiratu izana bi jokalari handienetakoak: Arkonada eta Zamora. Eserlekuan ere egin zuten aldaketa; Liga amaitzeko zortzi jardunaldi gelditzen zirela, Boronatek hartu zuen donostiar ekipoaren zuzendaritza, J.B. Toshacken ordez.