Hastapenak
Futbola edo foot-balla XX. mendearen hasieran iritsi zen Gipuzkoara. Ingalaterratik etorri zen, herrialde hartan ikasten edo lanean ari ziren gazteen eskutik. Donostian jokatu zen lehenengo futbol partidaren aipamena 1902koa da. Hala ere, garai horretarako Gipuzkoako beste herri batzuetara ere iritsia zen futbola, esate baterako, Iruna. Dena dela, Donostiako lehenengo kluba San Sebastian Recreation Club izan zen (1903), edo hala egiaztatu da, behintzat. Baina hura ez zen hirian zegoen klub bakarra, beste batzuk ere baziren Vasconia, Esperanza, Fortuna Old Boys…
San Sebastian Recreation Cluben koloreak, hasieran, berdea eta horia ziren, baina 1908ko martxoan jantzi berriak estreinatu zituzten (alkandora zuria, SS letra urdinak eta galtza urdinak).
Hasteko, titulu bat
Lehenengo urte haietan donostiarrek oso emaitza onak izan zituzten, baina ezin zuten txapelketa ofizialetan parte hartu, ez baitzeuden Erregistro Zibilean izena emanda. 1909ko Espainiako Txapelketan parte hartzeko Club Ciclista izena hartu zuten, talde hark legezko baldintzak betetzen baitzituen. Eta Club Ciclista izenarekin lortu zen, hain zuzen ere, historiako lehenengo titulua, Espanyol de Madrid taldeari 3 eta 1 irabazita. Final hartan aritu ziren jokalari donostiarrak honako hauek izan ziren: Bea, A. Sena, Arocena, Arrillaga, Echeverria, Rodriguez, M. Sena, Lacort, McGuinness, Simmons eta Bireben. McGuinnessek bi gol sartu zituen Club Ciclistaren alde eta Simmonsek bat Madrilgo taldearen alde.